miércoles, 6 de octubre de 2010

Kazetariak ala adituak?

Kazetaritza eragin handiko arloa den heinean, halako erantzuna eman behar dute bere profesionalek. Kazetariak gai izan behar du gai bakoitzaren inguruan zentzuzko informazioa eskaintzen, gutxienez. Haatik, gaur egun ez dela hala gertatzen erakutsi izan digute zenbait testu periodistikok.
Kirolaren munduan murgiltzen bagara, naoizbehinka ateratzen dira ez hanka ez buru ez duten kirol baten inguruko albisteak. Eta horren arazoa ezagutza eskasean dago. Kazetari batek kirol jakin baten inguruko joan etorrien berri ez duenean, berehala nabaritzen da.
Hedabideek aurkitu dioten konponbidea adituena da, kirol batean zeregin profesionalean aritu direnena, alegia. Horiek, noski, kirolaren nondik norako guztiak ezagutuko dituzte, baina ez dira kazetariak. Jar ditzakegu kirol lehiaketa bat komentatzen, "adituaren ikuspuntu" hori ematen, baina elkarrizketa bat edo kronika bat egiterako orduan, prestakuntza beharrezkoa da.
Txirrindularitzaren munduari loturik gaudenez, jar ditzagun pare bat adibide. Lehenik, lasterketa baten kronika labur bat egiten duen erredaktoreak, ez ohiko kronikagileak, normalean zenbait huts egin eta ezagutza falta agerian uzten du. Azkenean, txirrindularitzaren jarraitzaileak ez du batere gozatzen testuaren irakurketarekin. Bestalde, adituarena dugu. Eta hemen adibide zehatz bat dut: Iñigo Chaurreau. Ez dut nik esango txirrindularitzaz ezagutzarik ez duenik (bere ezagutza erabatekoa da), ezta zenbait kazeta-lan egin ezin dituenik. Baina aurreko batean Herri Irratirako Pello Bilbao txirrindulariari egin zion elkarrizketan galdera bera hiru bider errepikatu zuen. Bizitasuna galtzen du erabat.
Beraz, zer dugu nahiago: gaiaz ezer gutxi dakien kazetaria edo kazeta-prestakuntzarik gabeko aditua? Ez da aukera erraza.

No hay comentarios:

Publicar un comentario